Albisteak

 

Barrikako natura eta kultur baliabideen aberastasuna baliatzeko ikerketa udalerriaren turismo eskaintza iraunkorra sustatze eta garatze aldera sortu da. Joan den maiatzaren 4an aurkeztu zuten, Goiherriko Kultur Etxean. Aurkezpenean egon zen Juan Jose Ezpeleta, Barrikako alkatea eta hizlari jardun zuten Jose Maria de Juan Alonso, Turismoan diplomatua, Valladolideko unibertsitateko Turismo Eskolako irakaslea, EARTHeko presidenteordea (European Alliance for Responsible Tourism and Hospitality) eta Espainiako Ekoturismo elkarteko presidentea; Alex Franco, Energiaren Euskal Erakundeko geologoa eta Jone Miren Gil, Orbela kontsultoriako biologoa. Ezpeletak azpimarratu zuen: “Hasierako urratsak egiten ari gara Barrikako ondarea bertoko garapen ekonomiko iraunkorraren motorra izan dadin, hain zuzen ere turismoa eta zerbitzuak oinarri izango dituen motorra”.

Barrikako Udalak bultzatutako Ikerketak Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren babesa jaso du. Bertan, Barrikako Udalak duen turismo gaitasuna zehaztu da, herriak dituen natura eta kultur baliabideak kontutan hartuta. Baliabide horiek ondoko hauek dira: aztarnategi arkeologikoa (Kurtziako estazioa), kostaldea eta bere paisaia ondare geologikoa, eta, Europar Ibilbidea E-9 GR 123-Bizkaiko bira, Itsaslabarretako Ibilbidearekin barne.

Azken helburuak izan dira azpiegitura eta produktu sorta baten eraketa tekniko eta ekonomikoki baloratzea bisitari kopuru handiagoa erakartzeko; udalerriko turismo produktuak dibertsifikatzea; turisten egonaldia luzatzea; turismo enpresa berriak herrira erakartzea; eta azkenik, inguruko udalekin dauden harremanak, zirkuituak eta produktu konbinatuak sortzea.

Inkesta pertsonala egin zaieBarrikak dituen hiru ostatu eta zazpi ostalaritza komertzioen kudeatzaileei, herrira datorren turistaren profila ezagutze aldera, bere egonaldiaren iritzia jasotzeko eta sektoreak dituen zalantzak eta asmoak ezagutzeko. Bisitariak gehien bat Euskaditik eta Estatu espainiarretik datoz, egonaldia egun batekoa izaten da gehien etan (%40), eta, era askean etortzen dira antolatutako multzoetan egin beharrean.

Ikerketak ondorioztatzen duenez, turismo sektoreko etorkizuna ondokoetara zuzendu beharra dago: surf turismoa, kultur eta arkeologi turismoa, gastronomia turismoa, natur eta abentura turismoa, geoturismoa eta agroturismoa.

Burutu beharreko eta lehentasuna duten ekintzak berriz, hauek dira: Barrikako Europar Ibilbidea E-9 egokitzea, seinaleak jartzea eta ekipatzea; herriak dituen baliabideen irisgarritasuna hobetzea; Alondegi zaharra hegaztien behatoki eta harrera gune gisa egokitzea; turismo baliabideak biltzen dituen liburuxka kaleratzea; turismo atal erakargarria abian jartzea udal webgunean; Kosta Trailak duen indarra baliatzea herriaren alde; tokiko aktoreei laguntzea; turismo ekimena sustatzea; kultur jarduera egutegia programatzea; marka bereizgarria sortzea; argazki tailer/topaketak sustatzea; jarduera anitzeko paketeak asteburuetarako eratzeko enpresa jabeen arteko kolaborazioa mesedetzea (gastronomia, ostatua eta abentura); inguruko udaletako turismo zerbitzuekin eta gorako zerbitzuekin harremanetan jartzea sinergiari laguntzeko: KRESALIA, Bizkaiko Kosta Parkea.