Albisteak

 

Giza Eboluzioa Ikertzeko Zentro Nazionaleko (CENIEH) arkeologo Joseba Riosen zuzendaritzapean Barrikako Aranbaltzako aztarnategian egindako indusketa arkeologikoen IV. kanpainak aukera eman du harrizko tresna eta gintza horretako hondar ugari berreskuratzeko, denak izanik duela 30.000 urte baino gehiagokoak; horiek guztiak aurkitu dira Châtelperronientse garaian zehar aire zabalean egin ziren elkarren segidako okupazioetan.

Aurtengo kanpainan —Bizkaiko Foru Aldundiak eta Barrikako Udalak finantzatuta—, 7 bat m2 tan, 1400 pieza aurkitu dira: tresna eraldatuak, fabrikazioko nukleoak eta hondarrak, induskatutako sedimentuak galbahetuz berreskuratu diren tamaina txikiko ehundaka laska eta zati, eta 2013 eta 2014ko kanpainetan aurkitutako beste 200 zati.

Aurkikuntzok, aurreko kanpainetakoekin batera, agerian uzten dute giza jarduera trinkoa zegoela Aranbaltza inguruan duela 40.000 bat urte. Aztarnategia Châtelperronientse garaiko aire zabaleko bakarra da, eta Kantabriako Morín kobazuloko aztarnategiaren ostean, bera da material litiko gehien eta aberatsen duenetariko bat. Joseba Riosen arabera, “Aranbaltzako Châtelperronientseaz gain, beste maila batzuetan ere badira okupazio zaharragoen ebidentziak, gutxienez 100.000 urtekoak”

Azken neandertalak

Multzo arkeologiko hau ikertzeak aukera emango du Châtelperronientsean zehar izandako okupazioaren funtzioa, ekoizpen estrategiak eta harrizko tresnen banaketa ebaluatzeko. Gune kultural bereziki interesgarria da; izan ere, bere egileak mendebaldeko Europako azken neandertalak izan ziren. “Aztarnategia aztertuz, sakondu ahal izango dugu neandertalen suntsipena ekarri zuten hainbat prozesutan” esan du Joseba Riosek.

Aldi honetatik oso arrasto gutxi dago Penintsula Iberikoan, orain arte, guztiz ziur, Kantauri aldeko hiru aztarnategitan baino ez baitira identifikatu, eta leku horietako bi Euskal Herrian daude. Joseba Riosek dioenez, “aire zabaleko aztarnategi hau Baiona edo Bergerac en inguruan dauden beste aztarnategi batzuen antzekoa izateak badirudi esan nahi duela une horretan kobetatik kanpo bizitzeak garrantzi handia hartu zuela"

Aztarnategia aztertzen ari den talde zientifikoa hainbat espezialistak osatzen dute, eta beren erakundeak ondoko hauek dira: CENIEH, INRAP, Ikerbasque, Arkeologi Museoa eta Adelaida, Burdeos, Burgos, Bartzelona eta Euskal Herriko unibertsitateak. Eta ikerketa lanak boluntario eta ikasle talde ugari batek egin ditu, eta beren erakundeak ondoko hauek dira: Edestiaurre Arkeologi Elkartea, UNED eta Euskal Herriko, Alcalako,  Madrilgo konplutentseko eta Granadako unibertsitateak.