Albisteak

 

Larunbatean (hilak 28), 09:00etatik aurrera, Barrikan Madeleine aldiko propultsatzaile bidezko jaurtiketako II. lehiaketa izango da (Bizkaian egiten den mota horretako lehenengo lehiaketa da), Barrikako Udalak Edestiaurre Arkeologia Elkartearekin batera antolatutako Historiaurrearen bigarren jardunaldien baitan; 2019an lau ekitaldi egingo direla dago aurreikusita, eta hau bigarrena da.

Jardunaldien eta ekitaldi honen xede nagusia Barrikako udalerriak dituen ondare prehistoriko, historiko eta paisaia- nahiz kultura-balioei lotutakoak sustatzea da, eta, horretarako, zenbait kultur jarduera egingo dira. Izan ere, horiek ezezagunak ziren orain dela gutxi arte.

Udaletxeko enparantzan egingo da ekitaldia, larunbatean. Lehenengo edizioak arrakasta handia izan zuen; izan ere, 50 lagun inguruk hartu zuten parte. Antolatzaileek espero dute lagun gehiagok parte hartzea edizio honetan, lehenengo edizioan izandako interesa dela-eta. Hala, salto handia egingo da, eta harrera egingo zaie Frantzia nahiz Alemaniatik datozen nazionalitate ezberdinetako parte-hartzaileei. Gainera, propultsatzaile prehistoriko bidezko jaurtiketaren arloko estatu-mailako txapelduna -hirugarrena Europan- ere bertan izango da. Ekitaldira etortzen diren lagun ez bizkaitarrek doako ostatua izango dute.

Lehiaketaren hasieran, 09:00etan, parte-hartzaileek izena emango dute. 10:00etatik 11:00etara, entrenamenduak egingo dira, bai eta xedeei eta lehiaketako arauei buruzko informazioa eman ere; 11:30ean, lehiaketari ekingo zaio. Bi modalitatetan banaturiko jaurtiketak egingo dira, eta puntuak modu independentean emango dira. Ondoren, puntu horiek batu egingo dira, sailkapenaren azken emaitza emateko. Modalitate horietako bat punteria-jaurtiketa izango da -bertan, zenbait distantziatatik egindako jaurtiketak egingo dira, itu eta zirkuluekin-; bestea, berriz, distantzia-jaurtiketa izango da.

Nabarmendu beharra dago eskualdeko lehiaketa honen xedea Historiaurrean bizirauteari lotuta zegoen eta Barrikako udalerrian oso presente egon zen jaurtiketa-modalitate bat sustatzea dela, bai eta horretaz gozatzea ere. Gainera, propultsatzaile bidez egiten den jaurtiketa-modalitate hau zientzia-arloan praktikatzen eta aztertzen da, honen funtzioak eta antzinako tresnak ulertzeko.

Sariak eta parte-hartzaileak

Lehiaketan, 12 urtetik aurrerako lagunek parte hartu ahalko dute. Diru-sariak 19 urtetik aurrerako parte-hartzaile seniorrei -gizonezkoei nahiz emakumezkoei- soilik emango zaizkie. Sariak 100-300 euro bitartekoak izango dira, bai eta domina bat ere. Gainerako kategoriei dagokienez -kimuak, haurrak, gazteak eta juniorrak-, lehen hiru gizonezko nahiz emakumezkoek domina eta poltsa bat jasoko dute. Parte-hartzaile guztiek ekitaldiaren oparitxo bat jasoko dute.

Hurrengo jarduerak

Azaroan, Historiaurreari eta Historiari buruzko hitzaldi bat egingo da, eta abenduaren 14an, berriz, “NEANDERTRAIL” izeneko Barrikako lehenengo mendi-lasterketa. Lasterketa udaletxean hasi, eta Zabaletxen amaituko da. Itsaslabarrak zeharkatuko dira, eta, gero, buelta emango da, Muriola hondartzara ailegatu arte.

II. Historiaurreko jardunaldiak (PDF, 337KB)