Albisteak

 

Emakumezkoen defentsa pertsonaleko ikastaroen goraldi-une honetan, adin txikikoentzakoak datoz, eta Barrikako Udalak herriko neska-mutilei –5 eta 12 urte bitartekoei– halakoetan parte hartzeko aukera eman nahi die. Hori dela-eta, Udalak aukera emango du adin txikikoek Kick Boxing diziplina bidezko defentsa pertsonaleko tailer batean parte hartzeko. Urriaren 11n eta 25ean izango dira, Ander Deuna kultur aretoan, 17:30etik 19:30era.

Udalak antolatutako tailer honetan, asmoa da haurrek praktika sinpleak, intuitiboak eta erraz aplikatzekoak lantzea, gaztetatik finkatu ditzaten defentsa pertsonaleko sistema on baten oinarriak, integritatea, umiltasuna eta gainerakoenganako errespetua aintzat hartuta. Itziar Unibaso Kultura arloko zinegotziak azpimarratu duenez, “neskatila-mutikoek hainbat jolas eta jarduera egingo dituzte, arlo fisiko eta mentalean defendatzen ikasteko”. Halaber, zera adierazi du: "halako jarduerek forma fisiko ona sustatzen dute, baita koordinazioa, autoestimua eta hobetzeko gaitasuna sendotzea, oreka eta, batez ere, adiskidetasuna ere”.