Albisteak

 

Hurrengo egunetan, Barrikako Udalak telefono bidezko inkestak egingo dizkie bertako herritarrei, udalerrian zer behar dauden jasotzeko xedez. Askotariko hainbat pertsonari telefonoz deituko zaie, zenbait gairen inguruko galderak egiteko, hala nola garbiketaren, hondakinak biltzearen eta kultur jardueren inguruko galderak. Hala, barrikoztarrek beren iritziak eman ahalko dituzte, bai eta udalerriaren garapena hobetzeko prozesuan parte hartu ere.

Zehazki, inkestaren xedea da udalerriko zerbitzuen egoera zein den baloratzea, eta, halaber, herritarren gogobetetasuna aztertzea, auzoak, generoa, adin-tarteak eta abar aintzat hartuta. Barrikako alkate Roberto Muñozek adierazi duenez, “inkestaren gai nagusietako bat Gure Etxeari (alondegi izandakoa) eman dakiokeen erabilera da. Izan ere, herritarren iritzia zuzenean jakiteko interes handia dugu”.

Herritarrei inkestaren berri emateko, Barrikako Udalak eskutitzak bidali ditu udalerriko etxeetara, eta, horren bidez, inkesta behar bezala garatzeko laguntza eskatu du, herritarrek zer kezka dituzten ahalik eta ondoen ezagutzeko.