Albisteak

 

Barrikako Udalak deialdia onetsi du zenbait jardueratarako dirulaguntzak emateko: kultur eta kirol jarduerak, euskara ikastea, haurtzaindegiak eta errenta baxua dutenek OHZ ordaintzea. Ekintza horietarako guztietarako, Udalak 25.000 euroko partida bat dauka. Udalerriko alkate Roberto Muñozek zera adierazi du: “Jarduera eta ekintza mota hauetan sortzen den defizit ekonomikoa arintzera bideratutako dirulaguntzak dira". Dirulaguntzak jasotzeko interesa duten pertsonek urtarrilaren amaierara arte aurkeztu ahal izango dute dokumentazioa.

Kultur eta kirol jardueren dirulaguntzen kasuan, 13.000 euroko aurrekontua egongo da, eta, era berean, dirulaguntza jasoko dute balio artistikoa edo sortzailea duten intereseko proiektuek eta kultur eta kirol jarduna sustatzen duten ekintzek. Erakunde bakoitzak 2019an gauzatutako 3 proiektu aurkeztu ahal izango ditu, gai hauei lotuta: euskara sustatzea, musika, folklorea, lankidetza-proiektuak, bidaiak, adinekoak sustatzea...

Bestalde, Euskarari 5.000 euroko laguntza emango zaio; dirulaguntzen gehienezko zenbatekoa gastuen % 100 izango da; gehienez ere, 600 euro pertsonako. “Laguntza honen bitartez, euskara ikastea eta auzotarren artean erabiltzea sustatu nahi du Udalak”, adierazi du Muñozek. Onuradun izango dira 2018-2019 ikasturtean euskara ikastaro bat egin duten pertsonak; horretarako, eskoletan gutxienez % 90eko asistentzia eduki beharko dute, ikastaroa gainditu beharko dute eta Barrikan erroldatuta egon beharko dute, baita zerga eta tasen ordainketa egunean eduki ere. Haurtzaindegiko laguntzen atalean, aurrekontua 3.000 eurokoa da, eta Udalak laguntza emango die 0-3 urte bitarteko umeak dituzten eta udalerrian erroldatuta dauden familiei, baldin eta balorazio-irizpideak betetzen badituzte.

Azkenik, 2019. urteko ondasun higiezinen gaineko zerga ordaintzeko laguntzak eta 2018. urteko zarama eta estolderiako tasak ordaintzeko laguntzen deialdia egingo da, udalerrian errenta baxua duten familientzat. Laguntza eskatzeko, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratutako baldintza eta eskakizunak bete beharko dira. Laguntza horretarako, Udalak 4.000 euro izango ditu.