Albisteak

 

Barrikako Udaleko udalbatzak asteazken honetan onetsi du 2020ko aurrekontu proiektua. Aurrekontuak aldeko bost boto (EAJ), kontrako bi boto (EH Bildu) eta abstentzio bat (iBarrika) izan ditu. Guztira, 1.630.000 euro daude, eta, horri esker, amaiera emango zaie hiru urteko luzapenei. Aurrekontuak abiarazteari dagokionez, Barrikako alkate Roberto Muñozek adierazi du “aurrekontua edukitzea ezinbestekoa dela udalerriarentzat, udal kudeaketa sustatzen eta bizkortzen laguntzen du-eta”.

Aurreikusitako jarduerarik azpimarragarriena pilotalekua konpontzea da; eraberritze orokorra egiteaz gainera, teilatua ere konponduko da. “Behar den obra bat da; izan ere, pilotalekuak herrian onarpen handia du, eta herritarrek asko erabiltzen dute”, adierazi du Muñozek. Bestalde, arlo kulturaleko inbertsioak indartuko dira; esate baterako, hauetan: jaiak, II. Neandertrail lasterketa, berdintasun alorreko gaiak edo euskarara zuzendutako laguntzak. Hain zuzen, euskararekin lotuta, hizkuntza sustatzeko, 9.000 euroko inbertsioa egingo da. Halaber, 6.000 euro inbertituko dira Barrikako ondare kulturala sustatzeko, eta egungo dirulaguntzei eutsiko zaie.

80.000 euroko partida bat gordeko da hondartzarako bideak eta sarbideak konpontzeko inbertsioetarako, eta 10.000 inguru, udaletxea eraberritzeko lan baterako. Era berean, ezin ditugu ahaztu duela gutxi sortutako herritarrentzako komunikazio euskarriak, esate baterako, udal aldizkaria, telefono bidezko inkestak, sare sozialak... Gainera, 12.000 euroko inbertsioa egingo da Barrikarako informazio euskarrietarako.