Albisteak

 

Datorren astelehenean, otsailak 24, izango da Barrikako XII. Tostada Lehiaketa. Udalak antolatzen du lehiaketa hau urtero inauterietan. Lehiakideek ogi-barrarekin (azala kenduta edo gabe), moldeko ogiarekin edo brioche erakoarekin egindako dozena bat tostada aurkeztu beharko dituzte udaletxeko beheko solairuan, 18:30etik aurrera.

Barrikako Udaleko Kultura eta Festen arloko zinegotziak, Itziar Unibasok, adierazi duenez, lehiaketa "jarduera tradizionala da eta oso sustraituta dago gure udalerriko kultura-agendan, aspalditik; aurkeztutako hiru tostada-sorta onenak saritzeaz gain, Bakioko herritarrak eta eskualdeko jendea elkartzeko gunea ere bada". Unibasok esan du "epaimahaiaren erabakiaren ondoren lehiaketa hau festa bihurtzen dela, aurkeztutako sorta guztiak dastatzeko aukera dagoelako".

Aurkezpenaren ondoren, herri-epaimahaiak dastatuko ditu tostadak, 19:00ak aldera, eta hiru partaide irabazleak aukeratuko dira. Sariei dagokienez, ohi bezala, hiru bonu emango dira, udalerriko edozein jatetxetan erabiltzeko. Bonuak 200, 150 eta 100 eurokoak dira. Gogorarazi beharra dago saria jasotzeko azken eguna 2020ko abenduaren 31 izango dela. Lehiaketa amaitutakoan, aurkeztutako tostadak jango dituzte bertaratutakoek.

Parte hartu nahi dutenek udal-liburutegian eman beharko dute izena otsailaren 21eko (ostirala) 19:45 baino lehen. Han bertan emango zaie tostadak aurkezteko erretilua ere. Udalak herri osoa animatu nahi du lehiaketa honetan parte har dezan, lehiaketa bertatik bertara eta barrutik ezagutzeko.

Tostadak egiten ikasteko haurrentzako tailerra

Igandean, otsailak 23, tostadak egiten ikasteko haurrentzako tailerra izango da txikienentzat (6-12 urte) 12:00etatik 13:00etara Ander Deuna Aretoan (Goierri). Tailerrean parte hartu nahi duten haurrek otsailaren 20a, osteguna, baino lehenago eman beharko dute izena udal-liburutegian; eta plaza kopurua gaindituz gero, Barrikan erroldatuek lehentasuna izango dute.

Kartela (PDF 236KB)
Oinarriak (PDF 284KB)