Albisteak

 

Barrika hainbat auzo dituen udalerria da, eta 70 urtetik gorako 193 herritar bizi dira bertan. Horregatik, koronabirusak eragindako osasun- eta alarma-egoera honen aurrean, Udala haiei deika ari da, haien egoera hurbiletik ezagutzeko eta zer behar dituzten jakiteko; izan ere, horrela, “Guztion Artean” elkartasun sarearen bidez lagundu ahal izango diete.

Barrikako alkate Roberto Muñozek adierazi duenez, “bakarrik bizi diren adinekoek edo familiako kideek eguneko edo asteko erosketekin laguntzen dieten helduek bereziki kezkatzen gaituztelako ari gara egiten ekintza horiek. Orain, arreta handiagoa jarri beharko dugu egon litekeen oinarrizko elikagaien edo sendagaien gabeziaren aurrean”. Gainera, Alkateak nabarmendu duenez, “laguntza behar izanez gero, Eusko Jaurlaritzak antolatutako sistemaren bidez helaraziko da; hori da onena eta seguruena”.

Ekimen honen bitartez, eguneko erosketekin, higiene produktuekin, kudeaketa atzeraezinekin eta abarrekin lotutako arazoak gainditzeaz gainera, Udalak lehen eskutik jakin dezake nola sentitzen diren egun hauetan hain sentsiblea den kolektibo honetako kideak. Halaber, Udalak eskerrak eman nahi dizkie “Guztion Artean” boluntario sarean izena eman duten lagun guztiei eta, batez ere, ekimen horrekin bat egin duten Barrikako herritarrei.

Azkenik, kolektibo horretako kideei jakinarazi zaie, banaka-banaka, Udalak nola egokitu behar izan duen ordutegia eta funtzionamendua, egun hauetan egiten ari diren murrizketen ondorioz. Gainera, kontatu diete telefono bidez emango dela arreta (tel.: 946771062), eta aurrez aurreko arreta aurretiko hitzordua dutenei baino ez zaiela emango. Muñozek adierazi duenez, “horren berri emateko hainbat bide erabili dira (webgunea, sare sozialak, bandoak…), baina ezinbestekoa iruditu zitzaigun hori guztia modu pertsonalizatuago batean jakinaraztea, beraiekin harremanetan jarriko ginela baliatuta”.