Albisteak

 

Alarma egoeraren eta etxean egoteko betebeharraren aurrean, Barrikako Udalak, zehazki Kultura Sailekoek eta Liburutegikoek, “Barrika Etxean” bloga sortu dute. Ekimen honen xedea da udalerriko familiek etxean igaro behar duten denbora arintzea eta dibertigarriago egitea, besteak beste, bideoak, tutorialak eta jarduerak proposatuta. Ekimena dela-eta, zera adierazi du udalerriko alkate Roberto Muñozek: “beharrezko ikusten genuen herritarrei jarduerak eskaintzea, denbora era atseginagoan igarotzeko. Hortik sortu zen ideia hau, eta espero dugu herritarrak parte hartzera animatzea, modu ludiko eta dibertigarriagoan lagunduko baitiegu horrela”.

Bloga https://barrikaetxean.wordpress.com/ helbidean dago, eta sistema interaktiboa izango du; liburutegiko arduradunak eskulanei buruzko bideoak eta/edo tutorialak jarriko ditu, adin guztietako jendearentzat, baita gastronomia tailerrak, irakurgaien gomendioak, ipuinen bideoak, esperimentuen bideoak eta abar ere. Guztiak ele bitan izango dira. Halaber, parte-hartzaileek beren jarduerak eta iradokizunak bidali ahal izango dituzte, barrikaetxean@gmail.com helbidea erabilita, hurrengo egunetan erabiltzeko.

Helburua da egunean bizpahiru sarrera egitea, jarduera desberdinei buruzkoak eta adin guztietako jendeari zuzenduak; hartara, Barrikako herritar guztiek hartu ahal izango dute parte proposatutako aukeretan.