Albisteak

 

Alarma-egoeraren eta etxean egoteko betebeharraren aurrean, Barrikako Udala hainbat jarduera egiten ari da, udalerriko bizilagunak protagonista dituztenak. Oraingo honetan, Udalean herriko adinekoengan jarri dute arreta, Barrikak bi zahar-etxe baititu. Hori dela eta, bizilagunek, zehatz esateko, txikienek, egoitza horietan dauden adinekoei bideoak bidaltzea sustatuko du Udalak, konfinamenduan zehar haien ongizatea hobetzeko. Ekimen hau Udalak sortutako "Barrika Etxean" blogaren barruan dago, eta oso harrera ona izan du.

Ekintza honi buruz, udalerriko alkate Roberto Muñozek hurrengoa adierazi du: “Konfinamendua hasi zenetik, adinekoengan jarri dugu arreta, eta telefono deien bidez nola dauden galdetu diegu, haien oinarrizko beharrak zeintzuk diren jakiteko. Orain, zahar-etxeetan daudenengan eta ondoan izan nahi ditugunengan jarri dugu begirada, bideo edo mezu baten bidez bada ere; haiek ere behar gaituzte”. Jarduera hau duela astebete abiarazitako “Barrika Etxean” blogean egiten direnen barruan kokatua dagoela zehaztu du, eta, azaldu duenez, “gure adinekoek gure beharra dutela jabetzen laguntzen die txikienei”.

Aste honetan hasi eta apirilaren 22ra arte iraungo du prozesuak, eta interesa duten guztiek parte hartu ahal izango dute, ume zein heldu, bideoa barrikaetexean@gmail.com helbidera bidalita. Mezuak askotarikoak izan daitezke: bideo bat dantza edo jarduera bat egiten, istorioak kontatzen, animoak bidaltzen… edo abesti bat. Gainera, bideo horiek blogera eta udaleko sare sozialetara igoko dituzte. Parte hartzen duten guztientzat, Udalak festa txiki bat antolatu nahi du konfinamendua amaitzen denean.

Iragarkia (PDF 325KB)