Albisteak

 

Barrikako hiru egoitzek, Elorduy, Barrika Barri eta San Telmo egoitzek, oso sorpresa berezia jaso dute aste honetan. Udalak sustatutako ekimenari esker eta “Barrika Etxean” blogaren bitartez, barrikoztar txikienek 10 bideo prestatu dituzte, euskaraz eta gaztelaniaz, egoitzen erabiltzaileak animatzeko asmoz. Besteak beste, abestiak, dantza, musika… jasoko dituzte; guztiak maitasun handiz eginak, konfinamenduan adinekoak animatzeko.

Jarduera honen erantzunari dagokionez, udalerriko alkate Roberto Muñozek adierazi duenez, “oso eskertuta eta pozik gaude txikienek erantzun duten moduarekin. Garrantzitsua da halako ekintzetan haurrek ere parte hartzea, herriko adinekoekin interaktuatzen baitute; hain zuzen, horiek dira orain gehien behar gaituztenak”. Gainera, adierazi du partaideek sari txiki bat izango dutela: “konfinamendua amaitzen denean, sorpresa bat daukagu prestatuta bideoak egin dituzten haurrentzat”.

Bideoen artean, haurrak dantzan, kantuan, instrumentuak jotzen, haien egunerokoa nolakoa den kontatzen, eta, are, antzerki bat ere ikus dezakegu. Guztiak zoriontasunez eta adinekoentzako maitasunez beteta daude. Horregatik, Muñozek zera esan du: “guztientzat sorpresa oso polita izango dela iruditzen zaigu, eta, ziurrenik, emozionatu egingo dira eta indar handia jasoko dute, une konplikatu hauetan”. Bideoak mezu elektroniko bidez helarazi zaizkie hiru egoitzei.