Albisteak

 

Barrikako Udalak udalerriko gazteenen konfinamendua dinamizatzeko jarduerak egiten jarraitzen du. Oraingoan, udalaren blogean (Barrika Etxean) beste ekintza bat sortu da: “arrasto joko” bat. Hala, herriko alkate Roberto Muñozek azaldu duenez, “udalak lanean jarraitzen du jarduerak eskaintzeko, txikienek etxean ematen duten denbora ahalik eta ondoen igaro dezaten”.

14 urte arteko parte-hartzaileek jokoaren atzean zer ezkutatzen den asmatu beharko dute (pertsona ezagun bat, toki bat edo film bat izan daiteke) astelehenetik ostegunera emango diren pisten bitartez (hiru, guztira), eta ostirala baino lehen bidali beharko dituzte erantzunak barrikaetxean@gmail.com helbide elektronikora, egun horretan jarriko baitira erantzunak blogean. Gainera, asmatzen duten guztien artean sariak zozketatuko dira, eta osasun alerta bukatzen denean udalak ospatuko duen festan banatuko dira.

Probako jokoa

Gaur, oinarriak blogeko sarrera batean ikusgai jarriko dira, parte hartu nahi duten haur guztiek jokoaren nondik norakoen berri izan dezaten. Gainera, ostegun eta ostiral honetan probako joko bat egingo da.