Albisteak

 

Alarma-egoeraren ondorioz, herritarrek etxean egon behar dute; horregatik, Barrikako Udalak hainbat ekintza antolatu ditu, itxialdia arintzeko. Berriki, adibidez, mikroipuinen lehiaketa bat antolatu du udalerrian, lehen aldiz, Gertuko Auzokide Elkartearen laguntzarekin. Ekintza honetan parte har dezakete Uribe Kostan bizi diren adin nagusiko herritarrek, bai eta Barrikako Udal Erregistroan izena emanda dauden elkarteetako kideek ere.

Mikroipuinen lehen lehiaketa honetan, gaia librea izango da, baina “konfinamendu” hitza erabili behar da testuan (edo familia lexiko bereko hitzak, hala nola konfinatu, konfinatuta…). Idazlanek, gehienez, 150 hitz edukiko dituzte, izenburua barne –nahitaez jarri behar da izenburua–, eta euskaraz zein gaztelaniaz idatz daitezke. Bestalde, ipuinak Times New Roman letran idatzi behar dira, 12ko neurrian, eta orriaren marjinek 2,5 cm neurtuko dute, gehienez. 

Maiatzaren 21etik ekainaren 5era aurkez daitezke ipuinak, eta bi sari banatuko dira –100 euro eta 50 euro, hurrenez hurren– kategoria bakoitzean (euskara eta gaztelania). Barrikako Udalaren webgunean eta sare sozialetan jakinaraziko da zeintzuek irabazi duten lehiaketa, 2020ko ekainaren 16a baino lehen, eta Gertuko Auzokide Elkarteko kideak arduratuko dira lanak baloratzeaz.

Gogoan izan saria ezin izango dela eskudirutan trukatu, eta testuek zenbait baldintza bete behar dituztela. Barrikako Udalaren webgunean irakur daitezke lehiaketaren oinarriak, osorik.

Oinarriak (PDF 80KB)