Albisteak

 

Barrikako Udalak Barrika Auzoz-Auzo material begetala gaika biltzeko eta bere ondorengo konpostatzerako zerbitzu aitzindaria jarri zuen abian iazko azaroan, herriko hondakinen kudeaketa jasangarriagoa egite aldera. Zerbitzuaren balorazioa hizpide izan zen atzo, abenduaren 14an, egindako hitzaldian, Udaletxean. Barrika Auzoz-Auzok, bere aurreneko urtean, 107.647 kilo hondakin bildu zituen denera, horietatik 3.147 kilo ez ziren organikoak. Konpostatzeko egokia ez zen lehengaia banandu ostean (46.481 kilo), konpostagarria zen 58.019 kilo material lortu zen.

Barrikak sistema honen aldeko apustua egin zuen, udalerriko hondakinen kudeatze jasangarria optimizatzeko. Azpimarratzekoa da, modu honetako material begetalaren biltze selektiboa egiten duen antzeko zerbitzurik Bizkaia osoan egiten ez dela. Herriko zenbait gunetan hondakinak biltzeko edukiontzi berriak jarri ziren, Inaus-puntu izenekoak. Edukiontzi horietan biltzen da zuhaitz eta lorategien inausketaren materiala (belarra, konifero eta adarrak, gehien bat). Hondakinak kamioi batekin biltzen dira, astean behin, astelehenetan.

Hasiera batean, biltze selektiboa egiteko zazpi gune estrategiko jarri ziren. Alabaina, sistemak izandako erantzun ona dela eta Inaus-puntuen kopurua ugaldu egin zen udalerriko beste auzo batzuetara. Gaur egun hamabi gune daude: Musurieta, Arriaga, Mendieta, Goierri, Kurtze, Zabaletxe, Amezaga (2 gune), Garramune, Jonakone eta San Telmo (2 gune).

Material begetala, bildu eta banandu ostean (egiturazkoa eta biohondakinak), konposta lortzeko lantzen da. Barrikako auzotarrek hori beren lur eta lorategietan erabiltzeko modua izango dute, hala eskatuz gero. Orain arte, gisa honetako hondakina ez zen tratatzen, eta udaleko hondakin organikoa biltzeko edukiontzietara botatzen zen.