Albisteak

Uribe Kosta mankomunitateko partaide batzuk Bizimetako ekintza batean 

BIZIMETA, Uribe Kostako bizikleta bidezko garraio publiko iraunkorraren sistema, hasi zenetik urtebete igaro ostean, finkatu egin da Mankomunitatea osatzen duten udalerrien arteko garraio-alternatiba gisa. Horrela, 1.300 pertsona baino gehiagok eman dute izena zerbitzuan; batez ere, 36 eta 50 urte bitarteko erabiltzaileak dira, gaur, prentsaurrekoan azaldu dutenez. Bertan egon dira: Imanol Garai Sopelanako alkatea, Juan Olea Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitateko presidentea, Maria Uribe Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumen zuzendaria, Antton Goikoetxea Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitateko Ingurumen Arloko arduraduna eta Javier Mariño rezikletako Ingurumen Zerbitzuetako zuzendaria.

Erabiltzaileen eskari nagusiei erantzunez, indartu egin da zerbitzua, bizikleta eta bizipuntuen kopurua %40 handituz eta adimendun bideozaintza integratua ezarriz. Geitze horrek Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumen Sailaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntza ekonomikoak jaso ditu, 162.500€ eta 79.957€, hurrenez hurren. Nafarroako Kutxak (CAN), gizabidezko banka sistemaren bitartez, 6.000€ ingururen ekarpena egin du.

Lehen urtean izandako 10.825 erabileretan, bizikletek 33.000 kilometro egin dute eta horrek 5,2 tona CO2 gutxiago isuritzea ekarri du.

Bizikleta elektrikoek arrakasta handia eduki dute. Erabileren %22a 50 urtetik gorakoek egin dute. Jasotako eskari handia dela eta, hirukoiztu baino gehiago egin da bizikleta-mota horren eskaintza. Mankomunitateko 18 bizipontuetan dauden 163 txirrinduletatik 70 elektrikoak dira. Hasiera batean 20 bizikleta elektriko zeuden.