Kaixo, Barrika!

Kaixo Barrika! Denbora luzean ideia besterik ez naiz izan, baina azkenean lortu dut gauzatzea. Zuen herri aldizkaria naiz. Herriak sortzen duen informazio guztia nire orrialdeetan biltzeko jaio naiz. Hiru hilabetero aurkeztuko dut neure burua, euskaraz eta gazteleraz, herrian sortzen diren berri adierazgarrienak zuenganatzeko asmoz, udalarenak, talde ezberdinenak, eta zuenak, herritarrenak.

Gure herri zabala osatzen duten auzoetan sortzen diren berrien ohiartzun izan nahi nuke. Zuen iritzi eta asmoak biltzeko asmoa ere badut, zuentzat interesgarri badira, zuen ahots bilakatu nahi nukeelako. Zuen albiste, iritzi eta jakinminak bildu nahi ditut, auzo guztiei lekua emanez, dendari, hostalari eta herritar guztienak, gazte zein heldu. Guztiok gara Barrika eta guztiok egiten dugu herria. Zuen etxera zuzenean iristeaz gain, elkarte, kultur etxe, egoitza eta udal eremu guztietan aurkituko nauzue. Gainera nire arreba, web orria, eta biok elkarlanean saiatuko gara albiste bakar bat ere ez galtzen.