Barrikako marearteko zabalgunea, altxor horizontala

Barrikako altxor natural nagusietakoa itsaslabarrak dira, zalantzarik gabe; balio handiko elementuak dira, bai paisaiaren ikuspegitik bai naturaren ikuspegitik. Itsaslabar horietan, animalia eta landare espezie askoren bizitoki diren formazio geologiko berezi batzuk daude: marearteko zabalguneak.

Marearteko zabalguneak –abrasio plataforma ere deituak– harrizko gainalde lauak dira, olatuek eta haizeak itsaslabarren oinarrian eragindako higaduraren ondorioz sortuak. Barrikako itsaslabarretako harri sedimentarioak osatzen dituzten materialak orain dela milioika urte hasi ziren ozeanoaren hondo sakonean geruzaz geruza jalkitzen, eta flyscha osatu zuten horrela: hostorearen antzeko egitura perfektua. Aurrerago, mugimendu tektonikoen eraginez, sedimentu horiek goratu eta tolestu egin ziren, eta horrelaxe sortu ziren gaur egungo itsaslabarrak.

Itsasbeheran, argi ikusten dira estratuak; ildo moduko batzuk dituzte, eta putzuak eta kubetak eratzen dira horien artean. Putzuetan muturreko baldintzak izaten diren arren –edo horrexegatik, agian–, bioaniztasun aberatsa dute, eta itsasaldien arabera etengabe aldatzen den ingurune horretara egokitutako hainbat organismoren aterpe dira.

Barrikako udalerriko hiru hondartzetatik Meñakozkoa da aipagarriena, bioaniztasunari dagokionez. Dirudienez, bi arrazoi nagusiri esker dauka halako aberastasuna: askotariko giroak izateari esker (kubetak, harea, boloak, harriak), eta Nerboi-Ibaizabal itsasadarraren eraginpeko eremuan egoteari esker, hondartza horretan bizi diren espezieak elikatzeko askotariko materialak iristen baitira handik.

Meñakozen itsasoko hornogabe talde guztietako animaliak bizi dira; itsasbeheran, aise ikusten dira anemonak, itsas trikuak eta itsas izarrak. Ugariak dira orobat poliketo zulatzaileak (Cirratulus adibidez) eta ibiltariak (Nereis adibidez, itsas zizare baten gisakoa).

Muskuiluak, karrakelak eta karramarroak ere ageri dira, baita askotariko alga gorriak eta berdeak ere: Corallina, Codium, Gelidium, Ulva… Beste alga batzuk –hala nola diatomea mikroskopikoak– ezin ikus daitezke begi hutsez, baina litekeena da haien silizezko kanpo eskeletoek Barrikako silexa eratzea zenbait milioi urte barru, belaki eta itsas trikuen hondakinekin batera.