Silexaren ontasunak

Homosapiensaren bizitzaren ehuneko laurogeita hemeretzian, silexez egindako tresnei esker iraun zuen espezieak. Zergatik erabiltzen zuten silexa, ordea, eta ez beste harri mota bat?

Silexaren ezaugarri mineralogiko bikainengatik: mineral gogorra da, eta erraz lantzen da, erresilientzia urria eta egitura erregularra dituelako (isotropikoa); hala, teknika oso konplexua erabiltzeko beharrik gabe aise eman dakieke nahi den forma eta bolumena zizelkatutako harri ezpalei. Ezaugarri horiei guztiei esker, silexa da zizelkatzeko harririk egokiena.

Bestalde, Barrikan dago Kantauri aldeko silexezko azaleratze handiena eta nagusietakoa; eta horrekin batera kontuan hartzen badugu aurrez esandako guztia, ez da harritzekoa Historiaurreak hartzen dituen milaka urteetan itsaslabar hauetan hain jarduera bizia izana.
Baina nondik dator silexa benetan? Silexak jatorri organikoko kareharrizko itsas metaketak dira: algen, silize ugariko itsas trikuen, diatomeen eta abarren metaketak. Horiek guztia itsas hondoan pilatu, eta silexa eratzen dute, artean deskribatu gabeko genesi bitxi baten ondorioz.

Silexa, labur esanda, jatorri biologikoko harri bat da, plataforma kontinentaletan edo haien ertzetan eratzen dena. Barrikan, oso baldintza berezietan sortu da. Ustiatzen dena ez da harri barruko silexa, olistrostomos deritzen mailetakoa baizik; hau da, plataforma kontinentalaren ertzean labaintzen diren buztin tankerako masa handietakoa. Gainerako silex noduluekin gertatzen denaz bestela, geruza horiek ez dute jasaten toleste prozesurik eta flyscharen orogenesirik. Hala, olistrostomos mailetako silexezko noduluak ez dira hausten tolestearen eraginez, eta, jakina, horietantxe kokatuta daude silex tailerrak.