Aurkezpena

Bilbotik Barrikara iristean, harridura sortzen du hango lasaitasunak. Begiak itxi eta eguneroko kezkak uxatzeko gai bazara, aise irudikatu ahal izango duzu duela zenbait mila urteko gizon-emakume talde batzuk labarretan silex bila ibiltzen zireneko parajea.

Zergatik? Hiri handi batetik hurbileko toki gutxitan entzun, ikusi eta sentitu ahal izango baituzu hemen bezala Ama Lur bizia. Eta lur horretan bertan ibili ziren aspaldiko gizon-emakumeen komunitate haiek ere; batzuk, silexa landu, eta beste norabait aldatzen ziren, eta beste batzuek, berriz, kokaleku iraunkorrak osatu zituzten. Zure etxetik hurbil, horietako batzuk! Izan ere, zuetako askok jakingo duzuenez, aztarnategi arkelogikoz beterik dago gure udalerria.
Edonola ere, azken urteetan, ikusmin handia sortu izan dute arkeologoek Meñakotz-Zabaletxe inguruan (Kurtzioko gune arkeologikoan) Kuaternarioko hareatzeetan egindako lanek. Zuetako batzuei, ez zenutelako haien esku-hartzearen zergatiaren berri; beste batzuei, hirigintza ekimen handiren bat estaliko ote zuen errezeloa zenutelako; eta beste batzuei, azkenik, toki horiek ondarearen eta historiaren ikuspegitik zer-nolako balioa duten ez zenekitelako.
Oro har, nabarmena da duna hauek estaltzen duten milaka urteko historiari buruzko ezjakintasuna, normala denez. Datuak egiaztatuz gero, orain dela 100.000 urtez geroztiko historia dute (neanderthalen garaiaz geroztikoa), eta, hala balitz, Bizkaian ezagutzen den kokalekurik antzinakoena litzateke.

Baina, ondo dakigunez, benetan axola duena ez da zerbaitetan beste guztien gainetik nabarmentzea; hori baino interesgarriagoa da aztarnategia hobekien ezagutzen duten arkeologoen eskutik ezagutzea Barrikan eta inguruetan silexezko azaleratze bat aurkitu zuten komunitateak, eta azaleratze horri esker inguru hartan landu zituzten tresna preziatuak: labanak, geziak, arraspak, etab.

Barrikako Udalak, Barrikako Arkeologi-ondare handia kontserbatu eta balioan jarri nahi du; besteak-beste, Arkeologi gunea eta ondareak ezagutarazi eta gizarteratuz. Horregaitik, web gune honetan, Barrikako baliabide natural, kultural eta artistikoei buruzko informazioa aurki zenezake.